-BAKEAREN ALDEKO AGIRIA-
PARTIDO CARLISTA DE EUSKAL HERRIA-E.K.A.-EUSKAL HERRIKO KARLISTA ALDERDIA
Karlista Aderdia, gure Herria dagoen ikusirik, egoera horrek Estatu osoan eragina duelarik, bestela bada ere, etxean eta gizarteko taldeen arteko liskarrak konpontzen lagundu nahian, eta Espainiako Estatuko alderdi politikorik zaharrena eta “transizioa” deritzon lehenengo aldian bereziki jezarria (adibidez, 1976ko Jurramendin, ezin parterik hartuz 1977ko hauteskundeetan, berandu legalizaturik, e.a.) izateak ematen dion agintaritza moralarekin, askatasunen sistemaren alde buru-belarri lanean ari delarik, erregimenak berak ezartzen dituen baliabideekin, horiek bidezkoa ez badira era, BAKEAREN ALDEKO AGIRI hau plazaratu nahi du, puntu hauek bilduko duena: aurrerakiak eta proposaturiko konponbideak.
AURRERAKIAK:
Gaurko egoera ez da atzo goizean sortua. Aitortu beharra dago aurreraki batzuk badaudela. Aurreraki horien aurrean, gizarteko taldeek jarrera ezberdinak izan dituzte.
Historiak, zerbaiterako balio badu, ondorioak ateratzeko eta iraganaldiko okerrak berriro ez egiten saiatzeko balio du, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba nahita Gaztelari batu zitzaizkionean geroztik, batasun horretarako baldintzak errespetatu ziren bitartean, Gaztelako Koroako euskarririk tinkoenetarikoak izan ziren eta Nafarroako Erresuma konkistatzen erabat lagundu zuten. Gero, laguntza hori esker, Gaztelak Baxenabarreri uko egin zion, konkistatua bazuen ere, Nafarroako Erresuma zatitu zuelarik. Geroago, Baxenabarre, Nafarroako eskubidedun errege-erreginen menpean, Frantziako Koroan sartu zen. Frantziako erregeek “Nafarroako errege” tituluari eutsi zioten, Nafarroako Erresuma zati bat biltzen baitzuen.
Bestaldetik, Gaztelak konkistatu eta menperatutako Nafarroako zatiari Lege Zaharra, azturak eta ohitura onak errespetatu zitzaizkion, baina Gaztelako errege bera izan zuen. Egoera hori onartu zuen Nafarroa Garaiak eta, zentzu zabalean “Espainiak” zeritzon horren oinarrietako bat izan zen, Gaztela, Aragoa eta Leonekin batean.
XVIII. mendearen bukaeran, Herrialdeetako foru eskubideak hausten hasi ziren; eta tamalez, eraso horien gailurra 1812ko Konstituzioa izan zen. Pena bada ere, denbora berri eta askatasun handietara egokitzea izan beharko zukeenak suntsitu zituen erro-errotik foru eskubideak. Askatasun handia eragotzi zuen, askatasun txikiak ez baitzituen errespetatu.
Iragan mende osoan saioak izan ziren lapurtutzat jotzen zena berreskuratzeko. Saio horiek lehen erabiltzen ziren baliabideekin burutu ziren, baina ez dira, gure ustez, gaur egun erabiltzekoak.
Berreskuratzeko saioak gero bete ez ziren itunekin edo borrokaren xede izan zena kentzeko zigorrekin bukatu ziren. Horrek, batzuengan, zauri sakonak sortu zituen, inoiz orbandu ez zirenak. Besteek, pribilegio bereizgarritzat jo zituzten mendeetan barna gauzatuak zeuden eskubideak baizik ez zirenak. Zentzugabekeriarik handiena izan zen Gipuzkoa eta Bizkaia izan zitezela Francok “zigortu” zituen Herrialde bakarrak.
Beharrezkoa da, beraz, inoiz sendatu ez diren zauri horiek, denak behingoz orbatzen lortzea. Aurrekari horiek azaldurik, beharrezkotzat jotzen ditugunak, zehaztu nahi dugu:
A) Hilketa, bahiketa eta indarkeriazko ekintza guztiak gaitzesten ditugula, edozein helburu dutelarik ere, uste baitugu helburuak ez dituela bideak justifikatzen, gehienbat pertsonen bizi, osasun eta askatasunerako eskubideari aurka egiten diotenean. Hala ere, uste dugu beste gaitzespenak egitea alferlana dela , hain zuzen ere, ekintza horiek egiten dituztenek publizitatea lortzeko egiten dutelako.
B) Bestela pentsatzen dutenak errespetatzen baitugu ere, ez zaigu egoki iruditzen( afera horretan gure kideei askatasuna utzi arren) kalea kontrako iritziak plazaratzeko erakustoki bihurtzea, nahiz eta lortu nahi den helburua oso zuzena izan. Izan ere, horrelakorik egiten dutenen asmoa hori ez bada ere, gure gizartea bizi deneko liskar-eoera areagotu egiten dute.
C) Edozein talde politikori, hauteskundeetan sustengurik handiena duenari berari ere, demokraziako ereduak ezartzeko eskubidea ukatzen diogu. Talde politikoek ezin dezakete esan: “alderdi demokratikoek diote…”.Egia dena da, alderdi guztiak demokratikoa direla, legeztaturik daude eta. Hala ez bada, alderdiren bat demokratikoa ez dela uste dutenek premiatu egin beharko lukete agintaritza judiziala alderdi hori legez kanpo uztera. Bitartean, denak dira demokratikoak. Zer esanik ez, Erregistro Ofizialean izena emana daudenaz ari gara.
Horregatik, horrela hitz egiten dutenei “BELEAK ZOZOARI IPURBELTZ!” esaera zaharra legokieke.
Gizarteak aurka egin behar dien “indarkeria” arazoak konpontzeak behartzen gaitu denok ahalik eta eskuzabalenak eta ulerkorrenak izatera, baina uste dugu merezi duela.
Esan dugunaren ondoren, uste baitugu beharrezkoa zela arazoa behar bezala ulertzeko, hona hemen konponbiderako proposatzen dugun baliabideak:
1 – Ekarrizketa:
Hitz egitea beharrezkoa da. Inork es du arrazoi osoa duela pentsatzeko bezain harroa izan behar. Nork bere arrazoi partea badu. Arrazoi gehien duela uste duenak hain zuzen ere bilatu behar du elkarrizketa, aldez aurreko baldintzarik gabe. Izan ere, “maila berekoak ez diren bi pertsonaren artean, hobeki hezitua dagoenak agurtzen du lehenago”. Horregatik, bizi garen egoeragatik kezkatuen dagoenak hartu behar du ekimena, gure gizartea erabat hunkiturik dago eta.
2 – Berehalako neurriak :
A) Gizakien bizi osasun eta askatasunaren aurkako erasoak bertan behera uztea berehala.
B) Asmo politikoa duten delituengatik zigorturik daudenei eta preso edo epaiketaren zain daudenei buruzko neurriak, Konstituzioarekin eta indarra duten xedapenekin bat badatoz, indargabetza, halakorik badago.
C) Asmo politikoa duen delituen biktima guztiendako kalteordainak, zentzurik zabalenean, ezartzen dituen legeria sortzea. Horrela zuzenako biktimak eta haien senideak, pairatu behar izan duten edozein kaltegatik, konpentsatuko lirateke. Jardunbideak premiaz bideratu beharko lirateke eta kasu guztiak, gertatu ziren urtea edozein delarik ere, aintzakotzat hartu beharko lirateke.
3 – Epe ertaineko neurriak. :
A) Asmo politikoa duen delituengatik zigorturik daudenentzat bana-banako indultuak.
B) Epaiketa azkarrak. Asmo politikoko delituengatik akusaturik baina epaitu gabe daudenek beren eskubide guztiei eutsi beharko liekete. Kondenatuak, epaia irmoa den bezain laister, bana-banan indultatuko dira.
C) Absolbituei lanpostua eman beharko litzaieke, beraien jakintza eta prestakuntzarekin bat.
D) Batzorde bar sortzea, Estatuko, Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako eta Nafarroa Garaiko ordezkariek osatua, e bakarrik, instituzioekin, baizik eta alderdiekin eta gizarteko indarrekin. Horrek, ikuspuntu zabal batetik, jatorrizko eskubideak ezagutarazteko eta gaurko garaira egokitzeko hartu beharko liratekeen neurriak aztertzeari ekin beharko lioke. Horrela, Espainiako Estatua osatzen duten Herri eta Nazionalitate guztiek elkarbizitza emankorra izan lezakete.
4.- Epe luzerako neurriak.
A) Konstituzioa zehatz-mehatz aztertzeko konpromezua, osorik edo hein batean aldatzearren. Nazionalitate bakoitzak onartu beharko luke, erreferendumean.
B) Horren ondorioz, hiritarrek bizitza publikoan parte hartzeko modua bestela egitaratu beharko litzateke, beste hauteskunde-lege baten bidez. Hedabide publiko eta pribatuetako partaidetza, hauteskunde garaian, arautu egin beharko litzateke. Alderdi politikoen finantzaketa hertsiki kontrolatu beharko litzateke: kideen diru-ekarpenen bidez egin beharko litzateke. Orain ogasun publikoak alderdiak finantzatzeko erabiltzen duena erabili beharko litzateke indar politiko guztiak baldintza hoberen eta berdinetan hiritarrengana ailegatzen ahal direla bermatzeko, horiek benetan askatasunez har ditzaten beren erabakiak.
Esku sarturiko parte guztiek eskuzabaltasunez eta gogo onez abian jartzen badituzte puntu hauek, uste dugu benetako askatasunerantz hurbilduz joanen garela eta, beraz, benetako sistema demokratikorantz.
Baina “zu okerragoa zara” esaldian ezkutatzen badira, gaur egun nahasia dagoen giroa gero eta makurragoa izanen da eta denborak eta historiak erantzukizunak eskatuko dituzte.
Agiri hau Iruñean, 1996ko urriko 4-5-6an ospatutako 49. Karlista Alderdiko Batzar Federalean berretsia izan zen.