Ganberak eskatu du Iratxeko monasterioko monolitoa “memoriaren leku” gisa kalifikatzeko, bertan hil baitzituzten, eta Gobernua premiatu du ekitaldi instituzional bat egin dezan
Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen aldeko botoekin eta UPNren abstentzioarekin (PPN eta Talde Mistoak ez dute bilkuran parte hartu). Ebazpen horren bidez, Nafarroako Parlamentuak “gogora ekarri nahi ditu Ricardo Garcı́a Pellejero eta Aniano Jiménez Santos, Estatuko instantziek eta ultraeskuineko nahiz faxismoko elementuek egindako terrorismoaren biktima diren aldetik”.
Onetsitako ebazpenak bigarren puntu batean adierazten duenez, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “Bakearen eta Bizikidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez ekitaldi instituzional bat egin dezan Jurramendi 1976ko biktimen gomutan, 2026ko maiatzaren 9an, eta Iratxeko monasterioaren ondoan dagoen monolitoan seinalatu zen memoriaren lekuaren inaugurazio ofiziala egin dezan”. UPNk eta EH Bilduk atal honen alde bozkatu dute, Contigo-Zurekin abstenitu da eta PSN eta Geroa Baik aurkako botoa eman dute.
Azkenik, eta aho batez onetsita, Estatuko Gobernua premiatzen da “Sekretu Ofizialei buruzko apirilaren 5eko 9/1978 Legean –urriaren 7ko 48/1978 Legeak aldatutakoan– ezarritakoarekin bat, behar den erabakia har dezan, Jurramendi-1976ko gertaerak direla-eta Estatuko Administrazioan dauden afera, egintza, dokumentu, informazio, datu eta objektu guztiak desklasifikatzeko, 1976ko maiatzaren 9ko gertaeren aurrekoak zein gerokoak”.
Jatorrizko testuak beste atal bat zuen, baztertu egin dena UPNren, PSNren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aurkako botoarekin. Estatuko Gobernua premiatzen zuen “Memoria Demokratikoari buruzko urriaren 19ko 20/2022 Legearen 3.1, 5. eta 6.1 artikuluetan ezarritakoa aintzat hartu eta dagokion errekonozimendu publikoa eta erreparazioa eman diezazkion Alderdi Karlistari, 1976ko maiatzaren 9an izandako gertaeren biktima nagusia den aldetik”.
Zioen azalpenean, EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak bultzatutako ebazpenak Alderdi Karlistak 2023ko urtarrilaren 24an Herritarrekiko Harremanetako Batzordean egindako lan-saioan azaldutako dokumentuak aipatzen ditu, horien bidez inplikatzen baitira Carlos Arias Navarroren Gobernua, eta, bereziki, Manuel Fraga Iribarne (garai hartan Gobernazioko ministroa) 1976ko maiatzaren 9an Jurramendin izandako gertakari larrietan. Bi pertsona balak jota hil ziren, eta hogeita hamar bat zauritu egon ziren.
Zehazten denez, dokumentazio horrek bat egiten du Alderdi Karlistak defendatutako tesiarekin, agerian utziz zuzenean inplikatuta egon zirela Gobernua, Armada –kuartelak operatiborako gertu jartzeagatik ez ezik, une horretan Guardia Zibila oraindik Indar Armatuen parte zelako ere–, Informazio eta Turismoa eta, azkenik, Mugimenduaren ministro-idazkari Adolfo Suárez –izan ere, haren menpe zeuden probintzia-buruak (kargu horrek berekin zekarren gobernadore zibilarena)–, zeinak Manuel Fragaren ordez aritu behar izan baitzuen segurtasun indarren burutzan Gasteizko zein Jurramendiko gertakarietan, Gobernazioko ministroa Espainiatik kanpo zegoelako”.
Horregatik guztiagatik, eta “1976ko maiatzaren 9an Jurramendiko kontzentrazioan izandako gertaera tragikoen 50. urteurrena aprobetxatuz”, Espainiako Gobernua premiatzen da gertaera horiekin lotutako dokumentazio guztia desklasifika dezan, eta “dagokion errekonozimendu publikoa eta erreparazioa eman diezazkion Alderdi Karlistari, 1976ko maiatzaren 9an izandako gertaeren biktima nagusia den aldetik”.
Itxaso Soto (Geroa Bai t.p.) aritu da batzordeburu, eta bertan egon dira, halaber, Isabel Olave, Javier Esparza, Juan Luis Sánchez de Muniáin, Marta Álvarez (UPN t.p.), Javier Lecumberri, Ibai Crespo, Ramón Alzórriz (PSN t.p.), Adolfo Araiz, Irati Jiménez (EH Bildu t.p.), Mikel Asiain (Geroa Bai t.p.) eta Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin t.p.).

