[Berriak] Nafarroako Gobernuak Memoria Historikoaren Tokia izendatuko du ‘Montejurra 76an’ hildako Ricardo eta Aniano gogoratzen dituen monolitoa

Ricardo García Pellejero eta Aniano Jiménez Santosen oroimenez eraikia, Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoak bermatu du, kategoria horretako 24 toki dituen sarean ofizialki sartu ahal izateko

Nafarroako Gobernuko webgunean argitaratutako berria 2023/07/02

Ricardo García Pellejero eta Aniano Jiménez Santos 1976an, Montejurran, karlismoaren urteko ekitaldiaren aurka talde terrorista ultraeskuindarrekin lotutako pertsonek egindako eraso baten ondorioz hil ziren. Haien oroimenez egindako monolitoa Memoria Historikoaren Toki izendatua izateko Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoaren nahitaezko txostena jaso du. Horrela, aurrera pausoa eman da Nafarroako Gobernuak hurrengo bilkuran onar dezan eta lege kategoria hori duten 24 toki dituen sare ofizialean sartu ahal izateko.

Batzordeak bilera egin du gaur, bigarrren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok gidatuta. Bertan gai desberdinak errepasatu dira, hala nola aurtengo jardueren balantzea eta Memoria Historikoaren arloko beste gai garrantzitsu batzuk.

Ollo lehendakariordeak Memoriari buruzko politika publikoak sendotu eta bultzatzearen garrantzia eta gaurkotasuna azpimarratu ditu, “aitzindariak eta erreferentzialak, gainera, korronte ukatzaile eta inboluzionistek gero eta mehatxatuago duten estatuko eta nazioarteko testuinguruan”. Ildo horretan, Ollok honako hauek nabarmendu ditu: Europako Kontseiluan, Kopenhagen, Memoria duten Eskolak programa erreferente gisa aurkeztu izana; Memoria Demokratikoarekiko sentsibilitate bera duten beste autonomia-erkidego batzuekiko lankidetza, zeinekin harreman formalak izan diren edo mantentzen diren, hala nola Katalunia edo Euskadi; eta Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko Ministerioarekin batera egindako lana, bai partekatutako organoetan, bai Lurralde Kontseiluan, bai aldebiko organoetan, adibidez, San Kristobal gotorlekuaren etorkizunaren inguruan, zeinaren gainean hitzarmen bat izateko aurrera pausoak ematen ari baita, helburu memorialistekin partzialki erabili ahal izateko.

Erakundeen arteko lankidetza-esparru horretan, Ollo lehendakariordeak Nafarroako toki entitateekiko harremanaz ere hitz egin du, sinbologia frankistaren errolda eguneratzeari eta udalerri zehatzekin, Iruñekoa esaterako, egiten diren topaketei begira, elkarrekin eta bakoitzaren eskumenen esparruetatik ‘Erorien monumentuaren’ etorkizuna bezalako gaiak jorratzeko. Lehendakariordeak bileran adierazi duenez, “Gobernuaren eta Udalaren arteko lankidetza jarri da abian, Gobernuaren akordio programatikoko baldintzek jasotzen dutenaren arabera”.

Udal panteoia

Duela gutxi, hitzarmen bat sinatu da Iruñeko udalarekin, udal hilerrian panteoi berri bat izateko, desobiratzeetako gorpuzkiak gordetzeko. Arlo horretan, Ollo lehendakariordeak, Memoriaren Nafarroako Institutuak emandako informazioarekin, Desobiratze Planaren martxa errepasatu du, prospekzio eta identifikazio berriekin, neurri batean DNA banku publiko aitzindariari esker, 374 espediente baititu irekita.

Era berean, Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Departamentuko ekitaldien, erakusketen eta zikloen programari heldu zaio, Memoriaren eta Bizikidetzaren Zuzendaritza Nagusiak eta Nafarroako Memoriaren Institutuak antolatuta. Nabarmentzekoa da, dibulgazioa eta sentsibilizazioa sustatzeko, azken edizioan 2.000 pertsona baino gehiago bildu dituen Memoria duten Irudiak zikloak, bileran zehaztu den bezala. Bertan, Oroibidea proiektuaren balioa ere gogoratu da. Web-atari horrek 23.000 biktima baino gehiagoren datuak ditu, eta erreferentzia da Estatuan eta nazioartean, indarkeria- eta errepresio-mota desberdinetako biktimei buruzko informazioa jasotzeari dagokionez.

Hala ere, Foru Komunitateko Memoria Historikoaren Tokiei buruzko puntua izan da topaketaren une nabarmenetakoa, horri buruzko lege-ondorioak dituzten akordioak egin baitira. Horrela, Batzorde Teknikoak aurrera pausoa eman du Ricardo García Pellejero eta Aniano Jiménez Santosen omenezko monolitoa Nafarroako Memoria Historiakoaren Toki izendatzeko eta inskribatzeko txostenari. Monolito hori Iratxeko monasteriotik gertu dago, Aiegiko udalerrian, eta abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legearen babesean, 2. artikuluan ezartzen du zer espazio deklaratu ahal izango diren halakotzat.

Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak gidatu du bilera – legegintzaldi honetako bigarrena –, Martin Zabalza Memoria eta Bizikidetzaren zuzendari nagusiarekin eta José Miguel Gastón Nafarroako Memoriaren Institutuko arduradunarekin batera. Batzordea – gai hauetan zuzenean inplikatutako beste departamentu batzuek ere parte hartzen dute – elkarte memorialistetako kideek, Nafar Legebiltzarrak aukeratutako ordezkariek eta beste erakunde batzuetakoek – unibertsitateek edo toki-erakundeek, besteak beste – osatzen dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude