Karlista eta liberalen gudu zelai

Gipuzkoako Hitzan argitaratutako berria, 2023/10/27 |

Aranzadi zientzia elkarteak hiru urteko ikerketa lana egin du Tolosaldean, Belabieta inguruko 1873ko bataila gogoratzeko. Zortzi panel jarri dituzte, eta ibilbide batzuk prestatu.

Hirugarren Karlistaldi betean, karlisten eta liberalen arteko borroka odoltsua izan zen Belabietako mendiaren magalean, Tolosaldean, 1873ko abenduaren 9an. Egun bakarrean seiehun lagun hil zirela zenbatu zuten, orduko dokumentuen arabera. 150 urte geroago, herritar askok gertatutakoaren berri ez daukatela iritzita, Villabona-Amasako Udalak 2021ean hiru urteko ikerketa lan bat agindu zion Aranzadi zientzia elkarteari; gerora batu dira egitasmora Andoain, Berastegi eta Tolosa.

Orduko artxiboetan 4.105 dokumentu eskuratu dituzte bidean, eta, nahiz eta lubakietan ez duten lan arkeologikorik egin, materiala ere berreskuratu dute. Ikerketa osatzeko eta herritarren artean informazioa zabaltzeko, zortzi gunetan launa panel jarri dituzte Belabietako batailaren inguruko oinarrizko informazioa emateko: Andoainen, Berastegin, Tolosan, Villabonan eta Amasan. Orduko borroka lekuetara joateko ibilbideen hasierako puntuak dira panelak. Bataila gertatu zeneko beste hiru gunetan, berriz, Belabietan, Uzturren eta Amasako Meakako gurutzean —han izan ziren borrokarik latzenak— panel berezi bana jarri dute.

BELABIETAKO BATAILA

1873an, karlistek Gipuzkoaren zatirik handiena hartua bazuten ere, liberalen eskuetan zegoen Tolosa. Antonio Lizarraga jeneralak orduko Espainiako errege Karlos VII.ari hala proposatuta, Tolosa setiatzea erabaki zuten; komunikazio guztiak etenda eta elikagaiak eskuratzeko modurik gabe, liberalek amore eman zezaten nahi zuten karlistek.

Karlos Almorza Arrieta Historia doktoreak zuzendu du Aranzadiren ikerketa, eta, haren esanetan, 1873ko irailaren 16an Tolosa setiatu zuten karlistek, eta Belabieta inguruko parajeetan egon ziren abendura arte, mugitu gabe: “Horrek aztarna asko uzten du mendian. Guk ez dugu indusketarik egin, baina arrasto horiek azaldu egin zaizkigu, eta ikusi dugu Belabietan bat egiten dutela historiak eta arkeologiak. Agian, bigarren fase batean gauzatuko ditugu lubakien indusketak”. Hala eta guztiz ere, ikerlariek datu argigarriak topatu dituzte Villabona-Amasa, Tolosa, Berastegi, Elduain, Hernani, Andoain, Olaberria, Lekunberri (Nafarroa) eta Leitzako (Nafarroa) udal artxiboak eta Gipuzkoako Artxibo Orokorra arakatuta.

Egunkariak, fakturak…

“Donostian argitaratzen zuten egunkari baten zenbaki guztiak berreskuratu ditugu, 1873ko abendukoak”, hasi du azalpena Almorzak. “Belabietako borrokaren inguruko laurogei aipamen badaude, gutxienez. Besteak beste, Donostian liberal zaurituak hartzeko hirurehun ohe baino gehiago prestatu zituztela diote artikulu horiek”. Horrekin batera, “Belabietan parapetoak egiten jardun zuen jendeak bidalitako fakturak” topatu dituzte, besteak beste, ikertzaileek, eta baita liberalek inguruko herrietan 8.500 pertsonarentzako otorduak eskatu zituztela dioten artikuluak ere.

Berastegiko udal artxiboko agiri batean topatu dute batailaren biharamunean 125 lagun kontratatu zituztela Belabietatik hildakoak eta zaurituak jaisteko. Villabona-Amasako artxiboan, berriz, kandelen fakturak topatu dituzte: “Gerora ulertu dugu gauetan zaintza egiteko kandelak behar izaten zituztela soldaduek eta udalari eskatzen zizkiotela”, argitu du Almorzak. Aranzadiko kideak ez dauka zalantzarik 1873ko abenduaren 9an gutxienez 14.000 soldadu ibili zirela borrokan Belabieta inguruan. “Inoiz ez da ibili hainbeste jende armatu borrokan inguru honetan”.

Jose Maria Loma jeneral liberalak, ikusita plaza ez galtzeko ezin zuela setioa eten Tolosa barrutik, Domingo Moriones jeneralaren laguntza jaso zuen. Iruñetik iparraldera egin, eta Oiartzungo pasabidetik sartu ziren Tolosan. Tropa karlistak liberalen aurrerabidea oztopatzen saiatu ziren. “Oria ibaiaren gaineko zubiak zartatu zituzten, eta, dokumentu batean irakurri dugunez, Villabonako Txermin auzoaren parean ehun metro kubikoko zuloa egin zuten, liberalen artilleria eta zaldiak ez pasatzeko”.

Unibertsitatean, hutsunea

Informazio panelak ezarrita eta ibilbideak prestatuta itxi du Aranzadik hiru urteko ikerketa lana. Almorzarekin batera ikertzen aritu dira elkarteko kide Jexux Bidaola Txirrita eta Jose Luis Iraola Puxkas. Bide horretan lagun izan dituzte Joseba Salbador eta Manex Arrastoa ere. “Doktoretza tesi baterako baino gehiagorako ematen du Belabietakoak, edo film baterako ere bai. Unibertsitatean gai hauen inguruan dagoen hutsunea ez da normala. 150 urte geroago gertatu zena ikertzen horrela ibili behar izateak erakusten du daukagun defizitaren tamaina”, dio Almorzak.

Elkarlanak indartuta, Villabona-Amasako alkate Beatriz Unzuek jakinarazi du abenduaren 9an, gudaren 150. urteurrenean, hainbat jarduera egingo dituztela gertakari historiko hura ezagutarazten jarraitzeko.

Jon Miranda

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*